Ez dizuegu gezurrik esango, blog hau ordu-laurden eskas baten irakurtzen den arren, orduak eta orduak eman ditugu kapituluak aurkitzen, ikusten eta aztertzen. Prozesu luze horretan, “The Simpsons” telesailak ezkutuan dituen mezuak argitaratzen joan gara; izan ere, aztertzaile bezala ikusleek ikusten ez dituzten ñabardura eta mezuez jabetu gara.
Gizarte globalizatu baten bizi gara, eta munduko kontinenteak esku bateko atzamarrekin zenbat ditzakegu. Munduan dauden kulturak, identitateak, … zenbatzeko orduan, ordea, bai esku, eta bai hanketako atzamarrak gutxiegi izango lirateke. Hainbat baitira munduan zehar aurki ditzakegun izaera eta pertsona motak …
“The Simpsons” telesailak, marrazki bizidunez eginiko telesail bat bada ere, ateak zabaltzen dizkigu; mundua milaka eta milaka nortasunez, ideiez, kulturez, … osatutako mosaiko bat dela erakutsiz.
Proiektu honetatik atera eta azpimarratu nahi dugun ideia hurrengokoa da: komunikabideek duten indarra. Komunikabideek gaur egungo gizartean toki handi bat lortu dute, herri kulturan sartuz. Gauzak aditzera eta ezagutzera emateko gaitasun paregabea dute.
Kasu honetan “The Simpsons” dugu hizpide. Telesail honek ideologia eta ikuspuntu anitz ematen ditu eta ziur aski, telesaila ikusten duen pertsona bakoitzak bere pentsatzeko era edo ideologiaren arabera, iritzi desberdinak izango dituela; eta batzuek ideia horiek defendatzen dituzten artean, beste batzuek gogorki kritikatuko dituzte. Hala ere, gure ustez, eztabaida hauek barre eragiteko marrazki bizidun batzuen bitartez gure etxeko sofara ekartzeko ideia, ordaindu ezin daitekeen altxorra da.
Egileak: Julen Martinez, Endika Cuesta, Alatz Gangoiti, Arit Gorostiza eta Xabier Arrieta