"Munduan hiru pertsona mota daude: zenbatzen dakitenak, eta ez dakitenak" Homer J. Simpson


07x23-Much Apu about nothing: Etorkina

Kapitulua “Evergreen Terrace” kalean hasten da. Bertaraino auzokideak izutuz Springfield-ko basotik etorritako hartz bat heltzen da. Mantsoa den arren (Flanderstarren etxe aurrean txakur jolasti baten antzera gelditzen da, eta Homer aurrez aurre duenean ez dio ezer egiten), krisi egoera bat sortzen du auzo horretako bizilagunen artean. Harrapatzen dutenean Homerrek berriro horrelakorik gerta ez dadin hartz aurkako patruila bat proposatzen du; herriak baiezkoa ematen du eta martxan jartzen da. Baina Homerrek bere soldata jasotzean hartz patruilaren erruz zergak igo egin direla konturatzen da, eta herritar guztiekin batera alkatearengana abiatzen da kexatzera. Orduan alkatearengana bueltatu eta honek, arazoa saihesteko, errua etorkin ilegalena  dela dio eta “24” proposizioa martxan jartzen du, immigranteak herritik kanporatzeko. 
Apu Nahasamapeetilan Kwik-E-Marteko langilea deportatua izateko arriskuan dago eta Homerri etorkin ilegala dela aitortzen dio, honen iritzia aldatu nahian; baina ez du lortzen. Apuren supermerkatuaren aurrean manifestazioak egiten hasten diren arren Simpson familiakoak (Homer kenduta) erosketak egitera hara joaten jarraitzen dute. Apuk bere historia kontatu ondoren, Marge, Lisa eta Bartek “24” proposizioari ezetz esatea adosten dute. Hala ere, Apuk duen beldurra dela eta, legez kanpoko nortasun agiriak erosten dizkio "Tony el gordo" izeneko  mafiako buruzagiari.

Nahiz eta jatorrizko Amerikar baten antzera portatu, handik gutxira soilik bere burua engainatzen ari dela konturatzen da eta apurtu egiten ditu. Homer, hori ikusita, bere jokaera txarto egon dela ohartzen da eta Apu laguntzeko prest dago.
Simpsondarrek  hainbat irtenbide bilatzen dizkiote Apuri, Margen ahizpa bikietariko batekin (Selma) ezkontzea, esate baterako. Baina, azkenean,  Lisak aurkitzen du irtenbiderik egokiena: urte batzuk lehenago Apu bezain beste urte zeramaten etorkinentzako amnistia bat sortu zen eta amerikar herritartasun azterketa bat egiteko aukera bat ematen zien. Amerikan hainbeste urtez bizitzeak emandako jakinduriari esker, Apuk azterketa gainditzea lortzen du.
Apu
“Much Apu about nothing” izenarekin aurkezten zaigun kapitulu honen atzean Apuren bidez etorkinaren estereotipoa ageri dela ukaezina da.

Apu Nahasapeemapetilon Kalkutako institutu teknikoan lizentziatu ostean Estatu Batuetara joan zen doktoretza ikasketak burutzera. Springfieldeko teknologia institutuan sartu zen, eta bederatzi urte geroago bere doktoretza tesia amaitzea lortu zuen. Bere ikasle bisa amaitu zitzaion, baina gaizki iruditu zitzaion bere unibertsitate kreditua ordaindu gabe joatea eta zor hori ordaintzeko “Badulake” supermerkatuan  lanean hasi zen. Kreditua guztiz ordaintzea lortu zuenerako, ordea, lagunak, lana, … laburbilduz, bizitza bat zuen Springfielden eta ulergarria denez, ez zuen guzti hori galdu nahi eta legez kanpoko etorkin moduan gelditu zen.
 Kapitulu honetan etorkinen estereotipoa emateaz gain, egileak hautsi egiten du, arrazakeria eta etorkinen aurkako joeren argudioak gauzaeztanduz. Hainbat dira kultura hegemonikoak talde honi lotzen dizkion ezaugarriak: Moek zera esaten du: “Esos inmigrantes quieren todas las ventajas de vivir en Springfield, pero ni se molestan en hablar correctamente el idioma”, Quimby alkateak zergen igoeraren errua botatzen die, Homerrek ikasleen interes faltaren errua botatzen die, … Zikinak, ikasketa gabekoak, langabezian bizitzea, istiluen sortzaileak, … hauexek dira normalean gure gizarteak immigranteei lotzen dizkien ezaugarriak. 


Bestelakoak dira, kapitulu honetan egileak Apuri jarritako ezaugarriak: Apu lizentziatua da (azpimarratzekoa da 7 milioi ikasletik ikasle aurreratuen artean egotea) eta supermerkatu baten jabea da. Gainera, Moek, Quimby eta Homerrek erabilitako argudioak agertu bezain laster egileak berak, ironia erabilita, gauzaeztandu egiten ditu. Esate baterako, Moek hizkuntzaren argudioa erabiltzen duenean, Barneyk (Estatu Batuar peto-petoa dena) era ulergaitz baten egiten du berba; Quimbyren kasuan, argi eta garbi dago etorkinei bere larrua salbatzeagatik botatzen diela errua; eta Horren kasua, zeresanik ez, telesail honen edozein jarraitzailek dakien bezala, Bart bera da bere ikasketen porroten erruduna.
Egileak Amerikarren identitatea jorratzen du jatorriari buruz hitz egiten duenean. Herrialde bateko pertsonak bertakoak direla, hau da, euren familiak betidanik han bizi izan direla pentsatzeko joera dute; baina errealitatea beste bat da. Lisak auzitan jartzen du Springfieldko herritarren jatorria, izan ere, Simpson familia kontinente zaharretik (Europa) etorritakoak dira; eta, geroago esango duen bezala: “en cierto sentido aquí todos somos inmigrantes, salvo los nativos americanos”.

Beraz, kapitulu honetan galdera bat sortzen da: nor da benetako Amerikarra, bertoko nortasun agiria duena (nahiz eta mafiako kideei erositakoa izan) ala bera bizi den herria biziki maite duena eta hor jarraitzeagatik bere burua legez kanpo bizitzera derrigortzen duena?

Apuren identitatea ere zalantzan jartzen da. Kapitulu guztian zehar dauden sinboloak esaten digutenez (supermerkatuan duen Ganesa jainkosaren estatua, bere lizentziatura papera ematen dion sugea, aldez aurretik adostutako ezkotza,...), Apu hinduista da; baina bere ametsa lortu nahian, bere jatorria eta kultura ukatu egiten ditu. Hasieran egoera horrekin ados dagoela ematen du, baina handik gutxira bere hanka-sartzeaz ohartzen da eta Amerikar plantak egiteari utzi eta benetan bera den bezala izaten jarraitzen du. 
Laburbilduz, kapitulu honetan etorkinaren estereotipoa aurkezten zaigu, bai, baina ez kultura hegemonikoak ohituta gaituen estereotipoa. Pasarte honetan txanponaren beste aldea agertzen da, gu bezalakoa den pertsona bat, helburu edota arrazoi batengatik bere jatorria utzi eta beste herrialde batera joan dena, gure errespetu, laguntza eta miresmena merezi duen pertsona bat. Izan ere, nork daki? Agian zuk edo nik urte batzuk barru egoera berdinean aurkituko ditugu geure buruak.